Ongietorria ematen dizuegu Bilboko Itsasmuseumek sortu eta antolatutako erakusketa honetara.
500 urte bete dira aurten munduaren inguruko lehenengo bira egin zela, eta hori ospatzeko proposamena da, hain zuzen ere, erakusketa hau. Gure herriko itsasgizon ospetsuenaren biografian barrena egingo dugu erakusketa honen bitartez, eta saiatuko gara orain dela ia bost mende ekintza gogoangarri hartan parte hartu zutenen bizimodura hurbiltzen.
Juan Sebastian Elkano XV. mendearen amaieran jaio zen. Garai hartan, gure planetaren parte txiki bat baino ez genuen ezagutzen europarrok. Juan Sebastian haur bat besterik ez zen Kristobal Kolon lurralde berrietara iritsi zenean, baina Kolonek ez zuen susmatu ere egin zein izugarria zen kontinente hura.
Mendea amaitu baino urtebete lehenago, Vasco de Gamak Indiar ozeanoa garaitzea lortu zuen, Indiaraino egindako lehenengo bidaian. 15 urte gehiago igaro ziren Vasco Núñez de Balboak, oinez, beste itsaso baten bazterrera, Hegoaldeko itsasora, iristea lortu zuen arte.
Itsaso berri hura erronka berria izan zen garai hartako itsasgizonentzat; izan ere, igarobide bat aurkitu behar zen Atlantikotik Hegoaldeko itsasora iristeko eta Asiarako ibilbide berri bat aurkitzeko. Hernando de Magallanes portugaldarrak lortu zuen Karlos I.a erregearen babesa. Errege gazteak bost ontziz osatutako itsas armada prestatzeko agindua eman zuen.
1 zenbakia duen dokumentu hau da gaur egun arte gorde diren dokumentuen artetik Elkanoren jaiotza urtea ondorioztatzeko aukera ematen digun bakarra. Espedizioarekin Espezien uharteen bila atera baino egun bat lehenago, Juan Sebastianek aitortu zuen hogeita hamabi urte zituela, gutxi gorabehera.
Dokumentua 1519ko abuztuan erredaktatu zenez, eta, kontuak eginez gero, 1487ko lehenengo hilabeteen eta 1488ko lehenengoen arteko tartean jaio zen Juan Sebastian.
2. dokumentua 1500. urteko Getariako errolda da, hau da, Juan Sebastianek 12 edo 13 urte zituenekoa. Errolda honetan Domingo Sebastian del Cano agertzen da. Dokumentuan adierazten ez bada ere, berehala jabetuko gara haren aita dela. Domingo Sebastian del Canok 27 marabedi eta erdi ordaindu behar du.
Getariako gainerako herritarrek ordaindu behar zutenari erreparatuz gero, Juan Sebastianen aitak diru sarrera onak zituela ondorioztatzen da. Baina dena beharko zuen Domingo Sebastianek, gutxienez 11 lagun elkartzen baitziren haren etxean mahaiaren inguruan.
Karlos enperadoreak izenpetutako zedula honen arabera (3 zenbakia duen dokumentua, hain zuzen), itsasontzi edo nao bateko maisu izana zen Elkano.
Nao esaten zitzaien belaontzi sendoenei; baina zehazki zer zeregin betetzen zuen nao bateko maisuak? Maisua zen ontziaren arduradun nagusia, eta legean jasota zeuden haren betebeharrak.
Begiratu arretaz Oranen konkistari buruzko pintura honi.
Denboraren lanbroak uzten ez badigu ere Juan Sebastian ospetsu egin zuen espedizioaren aurreko joan-etorriak zelatatzen, ikusi berri dugun errege zedulak egiaztatzen du Gaztelako koroaren aldeko hainbat kanpaina militarretan parte hartu zuela. Eta agerikoa dirudi, besteak beste, Orango konkistan parte hartu zuela. 1509an izan zen, 22 urte inguru zituela.
Toledoko katedralean dagoen margolan honetan, Cisneros kardinala ageri da, gorriz jantzita. Hark aurreratu zuen konkista hura egiteko dirua. Haren alboan, zaldi gainean, armadura eder batekin, Pedro Navarro jenerala dago, Erronkarikoa. Pedro Navarrori esker izan zen posible, hain zuzen, garaipen hura. Espedizio hari buruz iritsi zaigun dokumentazioak egiaztatzen du euskal itsasontzi, marinel eta baleztari ugarik parte hartu zutela bidaia hartan. Eta ontzi haietako batean joan zen, hain justu, Juan Sebastian.
Imajinatzen al duzu nola ziren borroka haiek? Bada, horretarako, Cisneros kardinalak eta Pedro Navarro jeneralak idatzitako bi gutunen pasarte labur batzuk irakurtzea proposatzen dizugu.
Pedro Navarro Jeneralaren Gutuna.
Jesukristo gure berrerosleak eta haren ama aintzagarriak eta Santiago jaun zorionekoak gidatu gintuelarik, mirariz, lur hartu genuen lehenengo ontziekin, eguerditik ordubetera edo, hiriaren mendebaldean, Buzacate esaten dioten mendi edo lurmuturrean.
Eta hara iritsi ziren mairuak, oldarki, mendi gailurretik behera, eta gu geunden lekura, itsasertzera, iritsi ziren; 3.000 mairu inguru izango ziren.
Hortik aurrera ez dut zer esanik, egin zuen hark baino ezin baitigu azaldu nola gertatu zen, gure aldetik gure nekea eskaini baino ezin baitugu egin.
Berorren errukitasun azkengabeari eskatzen diogu adieraz diezagun bere zerbitzuaren bidea, eta gure salbamena, aho betean, konkista santu honen mirarizko lorpenean…
Cisneros kardinalaren gutuna.
…gauza zoragarria izan zen, mendia igo genuelarik, eguzkia sartu egingo zela zirudien, baina, hala ere, beste bost orduz luzatu zen eguna, eta liluratuta zeuden gertaera harekin osteko guztiak …
…eta barruko mairuetako batzuek borroka egin bazuten ere, azkenik, denak hil eta atzitu zituzten, eta hildakoak eta atzituak hamabi mila mairu baino gehiago izan ziren, zortzi mila biziak eta lau mila baino gehiago hildakoak kaleetan eta etxeetan; egia, jauna, misterio handia izan da, armen indarra baino gehiago, hiria baita munduko gauzarik indartsuena… Toledo baino indartsuagoa…
Ezin zen zaldiz ibili hirian sakabanatuta zegoen hildako andanaren artean.
Kezkatzekoa izan liteke hildakoen infekzioren bat, nahiz eta asko eta asko osinetara bota, erre eta lurrez estali ziren, baina uste dut ez dela nahikoa izango hildako haiek guztiak ikusita; hala ere, saiatzen gara.
Harrapakina hain izan zen handia, eta hain aberatsa, urrezko eta zilarrezko bitxietan eta zetan eta dirutan eta gatibutan, ezen bostehun mila dukat baino gehiagoko balioa izango duen.
Izan ere, badago hamar mila dukat txanpon eta bitxi baino gehiago lortu zituen soldadurik.
Juan Sebastianek bazekien Errege-erregina Katolikoek debekatu egin zutela itsasontziak atzerritarrei saltzeko aukera.
Edonola ere, Koroak ez zituenez ordaindu emandako zerbitzuak, ontzietako bat saldu behar izan zuen, zorrak ordaindu ahal izateko. Atzerritar batzuei saldu zien, eta delitua egin zuen, beraz.
Orain, itzuli zure bidera, bisitarekin jarraitzeko eta jakiteko zer unetan sartu zen Juan Sebastian Elkano historian. 6. zenbakian itxarongo dizugu.
Sevillan, 1519ko urtarrilaren lehenengo egunetan bat egin zuen Juan Sebastianek Hernando de Magallanesen espedizioarekin. 6. zenbakiarekin erakusten dizugun kontularitzako oharra da Juan Sebastian Elkano Historian kokatzen duen lehenengo agiria. Ikus daitekeenez, Victoria ontzia egokitu zitzaion, kontramaisu postuan, hau da, maisuaren laguntzaile gisa.
Zergatik sartu zen maisu bat maila apalagoko lanpostu batean? Maisu gisa aritzeko, aurretik maisu gisa zer ontzitan jardun zuen azaldu beharko zuen. Eta arrazoizkoa dirudi pentsatzeak Getariakoak nahiago zuela delitu hari buruzko azalpenik ez eman.
7. dokumentuak Juan Sebastianen amaren berri ematen digu; Katalina zen ama.
Dokumentu honen zeregina zenez espediziokideen oinordekoak identifikatzea, eta bertan ez denez aipatzen Elkanoren seme-alaben izenik, ondorioztatu dugu Juan Sebastianek ez zuela seme-alabarik.
Juan Sebastianek zuzendari lanetan jardun zuen, Victoria ontzitik lasta atera eta, ziurrenik, beste pisutsuago bategatik ordezkatzeko. Berehala bidali zuten Concepción ontzira, eta han lortu zuen maisu lanpostua. Han aritu zen zama kargatzen, hau da, banatzen eta ondo lotzen.
Geroago mastak eta belak margotzeko erabilitako buztin gorria erosten ikusiko dugu. Buztin gorri hura babesgarri bat zen; eguraldi txarretik eta sugarretatik babesten zuen ontzia.
Espedizioa irten baino hilabete lehenago, Sebastiao Alvarezek, Portugalek Sevillan zuen kontsulak, 9. zenbakia duen gutuna idatzi zuen. Portugalgo don Manuel erregeari zuzendua zen, eta Magallanesen eta Kontratazio Etxearen arteko harreman korapilatsuaren berri ematen digu.
Agiri horri berari esker jakin dugu hainbat mende geroago, Juan Sebastianen ontzian, Concepcion ontzian hain zuzen, espia bat ontziratu zela, Portugalgo erregearen zerbitzura ziharduena.
10 zenbakiko dokumentuan biltzen dira zer jarraibide eman zituen enperadoreak espediziokideen jokabide arauei buruz, kapitain nagusia barne. Berariaz debekatzen ziren emakume indigenen kontrako gehiegikeriak.
Itsasgizonen elikadurarekin zerikusia duten hainbat pieza dituzu atzean. Horiek ikusi ondoren, 14. zenbakian edukiko gaituzu zain.
Jaten zuten ogia harria bezain gogor gelditzen zen denborarekin. Hortzak ongi ez zituztenek arazoak edukiko zituzten ogia mastekatzeko. Horrez gainera, orea ez zegoen ondo hartzitua, eta horrek ez zion digestioari laguntzen. Edonola ere, oso elikagai nutritiboa zen, eta ez zitzaien burutik pasatu ere egiten bizkotxorik gabe nabigatu zitekeenik.
Itsasgizonek ardoari ematen zioten garrantziaz jabetzeko esango dugu Portugalgo itsasontzi bat Indiarako bidean hondoratu zenean naufrago batzuek ardo barrika batzuek berreskuratzea lortu zutela. Itsasoko urarekin nahastuta bazegoen ere, edan egin zuten. Nahasketa hura edan ondoren, hainbat gaixotu egin ziren, eta hori dela eta, erabaki zuten upelaren edukiaren parte bat ur gezaren hiru parterekin nahastea, eta horrela, dena edan ahal izan zuten.
Itsasoa gaizkitzen zen egunetan oso arriskutsua zenez itsasontzi barruan su egitea, behar beharrezko elikagai bihurtzen zen gazta.