• Bilboko Arte Ederren Museoak Jesus Mari Lazkanoren formatu handiko Bilbo MMX pintura laga dio aldi baterako Itsasmuseum Bilbaori, Obra Gonbidatua programaren barruan.
  • Obra Itsasmuseumen ikusgai egongo da 2021eko urrira arte, eta maileguan hartu den hirugarrena da, Quintín de Torreren Lemazaina eskulturaren eta Julián de Tellaecheren Txo Zuria pinturaren ondoren.

Bilbon, 2021eko martxoaren 16an.

Lorea Bilbao, Itsasmuseum Bilbaoko presidente eta Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioko presidenteak; eta Jesus Mari Lazkano (Bergara, Gipuzkoa, 1960) margolariak gaur iragarri dutenez, Bilbo MMX artelana aldi baterako laga eta Itsasmuseumen ikusgai egongo da 2021eko urrira arte, bi museoen arteko Obra Gonbidatua programaren barruan.

Formatu handiko obra panoramiko hori (125 x 720 cm) Shanghaiko 2010eko Erakusketa Unibertsalerako sortu zen, eta hiriaren iraganeko, egungo eta etorkizuneko zedarri arkitektoniko nagusiak agertzen ditu, itsasadarra eraldaketaren bizkarrezur dela.

Gainera, hurrengo hilabeteetan Itsasmuseumera bisitan doazenek Lazkanoren obra horren aurrean izango dituzte ikusgai artistak berak eskuzabaltasun osoz laga dituen 10 zirriborro ere; zirriborro horietan aurretiazko prozesua ageri denez, ikustaldiari balio erantsia ematen diote eta obra sortzeak duen konplexutasuna ulertzeko lagungarriak dira.

Bilbo MMX pintura hipererrealista da; artistak xehetasun guztiak zaindu ditu Hiribilduaren ikuspegi ia fotografikoa emateko Artxanda eta Arangoiti arteko tokiren batetik; Bilboko arkitektura garaikidearen ikurrik nagusienetako batzuk nabarmentzen dira, hala nola Iberdrola Dorrea eta Guggenheim Museoa, baita Begoñako Basilika, San Mameseko estadioa eta beste toki enblematiko batzuk ere.

Bilbo MMX Bilboko Udalaren esku dago eta Bilboko Arte Ederren Museoko gordailuan 10 urte igaro ondoren Itsasmuseumera dator erakusketa iraunkorra aberasteko, bere balio artistikoagatik ez ezik, museoaren diskurtsoarekin duen koherentziagatik ere bai. Pintura hau Bilboko Kontsuletxearen faluaren erreplikaren ondoan egongo da –1511n eratuta zen instituzio hori, eta Bilboko agintariek bertako ontzia erabiltzen zuten itsasadarrean paseatzeko–, baita Esther Pizarro eskultorearen Argizko larruazala instalazio artistikoaren ondoan ere –instalazio hori azken urteetako gertakari historikoei eta hiriaren eraldaketari buruzkoa da, eta Shanghaiko Erakusketan egon zen halaber–.

Bizkaiko itsas kultura hedatzea da Itsasmuseumen zeregina, eta, ildo horretan, Bilboko Itsasadarretik Bizkaiko Golkoraino doan itsas unibertsoa ezagutzeko xedea du. Testuinguru horretan, erakusketa-eremu batean baino gehiagotan aipatzen da Bilboko itsasadarraren garrantzi historiko, sozial eta ekonomikoa, bai Bizkaiko kostaldearekin lotzen gaituen elementu gisa bai Bilboren jaiotzaren lekuko gisa; hasieran portua zena Hiribildu bihurtu zen gero, eta itsasadarrean nabigatu ahal izatea erabakigarria izan zen merkataritza sustatzeko eta itsasoaren bidez mundura irekitzeko. Horrek aurrerapena eta garapena ekarri zituen, lurraldean ordura arte ezagutu gabeko neurrian. Etapa hura 1980ko hamarkadan amaitu zen, aurrekaririk gabeko krisi industriala iritsi zenean, eta atea zabaldu zion hiriaren kontzeptu berri eta abangoardistago bati, zeinak zerbitzuetan, kulturan eta ezagutzan oinarritutako ekonomia zuen. Hori guztia maisutasun handiz interpretatu du Lazkanok, gaur Itsasmuseumen jendaurrean aurkeztu den obran.

Obra Gonbidatua programa

Lankidetza akordio egonkor eta aldiroko hau bi erakundeen arteko harreman onaren isla da. Hari esker, Bilboko Arte Ederren Museoko funts zabaletik aukeratutako obra esanguratsu bat erakusgai izango da Itsasmuseum Bilbaon.

Obra Gonbidatua programak dinamismoa ematen dio Itsasmuseum Bilbaoren erakusketa-proposamenari. Izan ere, gonbita egiten du Bilboko ehun urtetik gorako pinakotekaren balio artistiko eta historiko aitortua duten lanak ikusteko; ohikoa ez den beste leku batean eta beste testuinguru tematiko batean ikusteko gonbita, hain zuzen ere. Hala, elkarrizketa berritzailea eta koherentea sortzen da aldi baterako mailegatutako obren eta erakusketako gainerako piezen artean.

Gaur erakusgai jarri den Lazkanoren pintura Obra Gonbidatua programaren barruan Itsasmuseumera datorren hirugarren lana da, Quintín de Torreren (Bilbo, 1877 -1966) Lemazaina eskulturaren eta Julián de Tellaecheren (Bergara, Gipuzkoa, 1884 – Lima, 1957) Txo Zuria pinturaren ondoren.

Informazio gehiagorako:

Leire Aurrekoetxea

komunika@itsasmuseum.eus