• Itsasmuseumek itsas posizionamendua eta bisita-esperientzia indartu ditu
  • Erakusketa iraunkorraren aldaketa, hobekuntza eta berrantolaketaren urtea amaitzen da

2021eko martxoaren 25a.

Gaur goizean, Lorea Bilbaok, Itsasmuseumeko presidente eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eta Jon Ruigomezek, Itsasmuseumeko zuzendariak, erakusketa iraunkorrean eta museografian egindako aldaketak eta hobekuntzak aurkeztu dituzte museoan, hauek eragin zuzena dutelarik balio-proposamenean, diskurtso-koherentzian eta bisita-esperientzian.

Neurri horien ezarpenaren bidez, Itsasmuseumek hazten jarraitzea du helburu, eta aurrera egitea, indarrean dagoen plan estrategikoak jasotzen duen bezala, itsas posizionamendu zabalago baterantz, Bilboko itsasadarretik abiatuz Bizkaiko Golkora eta mundura zabaltzeko ardatz gidari gisa, kalitatezko eskaintza lehiakorrarekin.

Ildo horretan, erakusketa iraunkorrean lan egin da bereziki, haren koherentzia berrikusiz eta ondare-balioa duten pieza berriak sartuz, kasu batzuetan, gizarte zibileko pertsonen dohaintza edo maileguei esker, eta beste batzuetan, beste museo batzuekiko lankidetzari esker, hala nola Euskal Museoa eta Arkeologi Museoa edo Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia bezalako erakundeak.

Museografian hobekuntzak egitea eta ondare-balioa duten pieza berriak saru dira. Aldaketa eta txertaketa nagusiak sarreran egin dira, museoaren balio-proposamena ezagutzeko abiapuntuan, altzairuzko ontzigintzari eskainitako eremuan eta kirol eta aisialdiarenean.

Lehenik eta behin, Bilboko bi irudik bisitatzen gaituzten pertsonei harrera egiten diete, bata 70eko hamarkadakoa eta bestea 2010ekoa. Irudi horiek museoaren balio-proposamena, Astilleros Euskaldunako dike zaharretan kokatzearen garrantzia eta azken urteotako Bilboren eraldaketa modu bisual eta errazean ulertzen laguntzen dute.

Sarrera.- Behin Itsasmuseumera iritsita, ezeztagailuen ondoren, eremu guztiz berri bat agertzen da, non ondare-balio handiko pieza ugari sartu diren, hala nola jatorrizko karta nautikoak, hala nola Waghenaer, Willem Janszoon Blaeu, Johannes Van Keulen, Robert Dudley eta Vicente Tofiño kartografoenak, besteak beste, balio arkeologiko aitortua duten pieza batzuk, hala nola Santiamamiñeko aztarnategitik datorren zintzilikario bat edo Lekeitioko itsasadarreko aztarnategian jatorria duen zeramikazko anforeta-teario bat.

Itsasmuseumeko erakusketa iraunkorrarekin izandako lehen harreman horrek museoaren ibilbide bisuala eta kontzeptuala eskaintzen du, hiru erakusketa-moduluren bidez. Lehenengoa kontzeptu-mapa bat da – Museoak lantzen dituen gaien eskema bisual moduko bat –, 7 irudiz osatua, argiztatutako kutxa erretroetan jarriak, gaikako eremu desberdinetan zehar ikusizko ibilbidea eskaintzen dutenak: itsasoa, pertsonak, merkataritza, industria, ontziola, arotzeria eta orainaldia edo gaurkotasuna.

Irudi horiekin batera, mapa txiki batek beste erakusketen kokapena adierazten du, eta Kirmen Uriberen Ez eman hautatzeko olerkiak, hunkigarria eta oroigarria, Itsasmuseumen unibertso tematikora eramaten gaitu.

Bigarren moduluak, Bizkaia itsas lurraldea, Bizkaiko Golkoarekin eta kostaldearekin lotutako piezak, mapak eta testuak konbinatzen ditu, Bizkaiko pertsonek itsasoarekin duten harreman estua erakutsiz.

Azkenik, hirugarrenak, Bilboko itsasadarra, itsasorantz, antzinako karta nautikoak eta Bilboko mapak ditu, José Ramón Maestro Martín eta Itziar Ramírez Uribarrik eskuzabalki mailegatuak. Bilboko itsas historia irudikatzen du, Hiribildua baino lehen portua izan zela eta itsasadarraren nabigagarritasunak merkataritza bultzatu zuela eta Bizkaian aurrekaririk gabeko garapena ahalbidetu zuela nabarmenduz.

Ontzigintza. – Aldatu den beste erakusketa-eremu bat altzairuzko ontzigintzari eta ontzi-enpresei buruzkoa da. XIX. mendearen azken herenean, itsasadarra industria-gune moderno bihurtu zen, altzairuzko ontzigintzaren garapen garrantzitsuarekin. Sektore hori bere produktibitateagatik eta instalazio modernoengatik nabarmentzen da XX. mendearen hasieran, Bilboko ontzi-enpresak gailendu egin ziren, eta, horren erakusgarri, Itsasmuseumek ontziola historikoetan eraikitako ontzien irudikapen ona erakusten du, hala nola Euskalduna, La Naval eta Astilleros del Nervión ontzioletan, balio historiko handiko maketen bidez. Bigarren eremu batean, ontzien tipologiaren arabera, itsasadarrean egon ziren beste ontziola asko aipatzen dira.

Kirolak eta aisialdia. – Honen ondoan, kirolari eta aisialdiari eskainia, XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arte. Bertan, Bizkaian gehien praktikatzen diren uretako kiroletako batzuk islatzen dira. Belaz eta traineruez gain,oraingoan surfari buruzko atal berri bat aurkezten da, Bizkaiko kostaldean oso zabalduta dagoen kirola delako eta Euskadin kirolari nabarmeak eta hazten ari den industria berritzailea eman duelako.
Itsasmuseum murgilduta dagoen eta azken urtean aurrerapen handia izan duen hobekuntza-prozesu hori 2018-2022 Plan Estrategikoan jasotako ildo estrategiko nagusietako bat da, eta hiru helbururi erantzuten die: itsasoko posizionamendua indartzea, Bizkaiko kostaldera irekiagoa; jauzi kualitatibo bat ematea eremu guztietan; eta eskaintza integral lehiakor bat sortzea.

Neurri horiei guztiei eta proiektu berriak abian jartzeari, haurrentzako eta familientzako jarduerak areagotzeari edo lehendik zeuden beste ekimen batzuk finkatu eta aurreratzeari esker, Itsasmuseumek bere museo-eskaintza eta bisita-esperientzia berrikusi ahal izan du, une eta egoera bakoitzean bere komunitatearen eta balizko publikoaren beharretara egokitzeko.

Itsasmuseumek bere museo-eskaintza berrikusi ahal izan ditu, une eta egoera bakoitzean balizko publikoaren eta komunitatearen itxaropenei erantzuteko.

Informazio gehiagorako:
Leire Aurrekoetxea – komunika@itsasmuseum.eus