• XVI. mendeko nabigazio-tresna eta -teknikei hurbiltzen gaitu
  • Erakusketa Itsasmuseumen egongo da zabalik 2022ko urriaren 30era arte

Bilbo, 2022ko maiatzaren 20a. Gaur goizean Jon Ruigómez, Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak, Xabier Armendariz komisarioak eta Javier Zarragoikoetxea, Bizkaiko Merkataritza Itsasketako Kapitanen Elkarteko presidenteak (AVCMM), Elkano. Nabigazioa eta zientzia aldi baterako erakusketa aurkeztu dute Carol Iglesias Espazioa aretoan.

AVCMMrekin batera antolatua, erakusketa XVI. mendearen hasieran nabigazioaren esparruan teknikak eta zientziak izandako bilakaeran zeharreko ibilbide bat proposatzen du. Garai erabakigarri horretan kosmografoek, matematikariek, kartografoek eta itsasgizonek beren ezagutzak komunean jarri zituzten, nabigazio ozeanikoa menderatzeko eta munduko geografia osatzeko odisea gauzatzeko, aldi luzeetan zehar lur irmorik ikusi gabe. Ordura arte, itsasoz egindako espedizioek kabotajearen teknika erabiltzen zuten nabigatzeko, hau da, portuen artean nabigatzen zuten, orientatzeko kostaldea alde batera utzi gabe, itsaso zabaleko nabigazioa saihestuz.

Juan Sebastian Elkanok osatutako espedizioan, gizateriarentzat mugarri historikoa izan zena, izarrak ziren, aspaldi-aspalditik, tripulazioen aliatu handiena, eta faktore erabakigarria izan zen kabotajetik nabigazio ozeanikorako jauzia egiteko. Gaur egun, zientziak eta teknologiak mende hauetan aurrerapen handiak izan dituzten arren, izarrak orientazioan presente daude oraindik lehen mailako proiektu espazialetan, hala nola ilargira iristean.

Xabier Armendariz itsas historialari eta erakusketaren komisarioak azaldu duenez: “hamabi panelen bidez, hiru gai multzoetan bateratuta, Elkano eta bere tripulazioa garai guztietako nabigatzaile talde onenetakoa bihurtu zituzten ezaugarri profesionalak ezagutuko ditugu, fortunazko abenturazaleen kontzepzio tradizionaletik urrun”.

Erakusketa osatzeko, munduari bira emateko erabili ziren tresna teknikoen erreprodukzio eta aurrerapen zientifikoen bilduma bat dago, haien funtzionamendua azalduz, baita Magallanes-Elkanoren espediziotik aurrera zeharkaldi ozeanikoen etorkizuna markatu zuten nabigazio astronomikoko tresna eta tekniken bilakaera ere.

Bestalde, 2022an, munduari bira ematea lortu zuen espedizioa itzuli zenetik 500 urte bete diren urtean, 2015ean Laurgain Dorrean deskubritutako azken aurkikuntza dokumentalak ere biltzen ditu erakusketak, Juan Sebastian Elkanoren dimentsio profesionala eta pertsonala hobeto ulertzen lagunduko digutenak. Dokumentu horien garrantzia, horietako batzuk argitaragabeak, beren bizitzako alderdi jakin batzuk berrestera datozela da. Gaur egun, Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzen dira.

Elkano. Nabigazioa eta zientzia zabalik egongo da Carol Iglesias Espazioan, Itsasmuseumen, 2022ko urriaren 30era arte, eta sarrera librea izango da.

 

Elkano Itsasmuseumen

Erakusketa hau Getariako marinelari buruzko bigarrena da, 2018an J.S. Elkano. Aztarnaren bila aurkeztu zenetik, Elkanoren profilik gizatiarrena jorratzen zuen erakusketa. 2019tik, espedizioa hasi zen urtearen urteurrenetik, Itsasmuseum antolatzen ari den programazio zabalaren parte da, balentria historiko horren eta bertan parte hartu zuten pertsonen inguruan.

Aipatzekoa da 1522an, hiru urte baino gehiagoko bidaiaren ondoren, 18 marinelek bakarrik lortu zutela munduari lehen bira eman ondoren itzultzea, horietako lau euskaldunak. Gaur aurkezten den Elkano. Nabigazioa eta zientzia erakusketan agerian geratzen den bezala, oso teknika eskasak erabili zituzten. Pertsona horiek eta beren bizipenek museoa inspiratu dute, bi erakusketa horiez gain, bi argitalpen, hitzaldi ziklo bat, bisita birtual bat eta material digital ugari egiteko, beste hainbat proiekturen artean.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi komunika@itsasmuseum.eus helbidera edo deitu 94 608 50 00 telefonora.