Pintura eta argazkigintza artistikoa uztartzen dituen erakusketa 2022ko maiatzaren 1era arte egongo da zabalik Itsasmuseumen

Bilbao, 2022ko otsailaren 22a. Gaur goizean Lorea Bilbao, Itsasmuseumeko presidentea eta Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak, eta Tere Ormazabal eta Esperanza Yunta artistek Bilboko itsasadarreko zubiak erakusketa aurkeztu dute.

Pintura eta argazkigintza uztartzen dituen proposamen honek, gure ingurunean eta irudimenean hain presente dauden azpiegiturak ikuspegi artistikotik berraurkitzera gonbidatzen gaitu.

Erakusketak, 70 lanez osatua eta 400m²-ko espazio batean banatuta, bi begirada planteatzen ditu, hiriko hamar zubiak –San Anton, Udaletxeko zubia, Areatzako zubia, Zubi Zuri, La Salve, Pedro Arrupe Pasarela, Deustu, Euskalduna, Rontegi eta Bizkaia Zubia– ikusteko bi modu. Elkarrizketa arina planteatzen du bi teknika artistiko ezberdinen artean: Esperanza Yuntaren pintura edo collagea eta Tere Ormazabalen argazkia.

Bi artistek bi lan oso pertsonal osatzen dituzte, Bilboko itsasadarrean eta haien jatorrian barrena egindako bidaia batean aurkitu eta osatzen direnak, industrializaziotik hasi eta gaur egunera arte, zubiekin eta Bilboko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko hirigintza-garapenarekin. Hiribildu izan baino lehen portu izan zen hiri honetan, itsasadarra beti izan da protagonista: harrotasuna eta itsas nortasun paregabea sortzen dituen elementu integratzailea.

Erakusketa hau ezin hobeto egokitzen da Itsasmuseumen erakusketa-diskurtsoarekin, Bilboren eta Bizkaiaren historia, ondarea eta itsas izaera azaltzen baititu, Bilboko itsasadarretik Bizkaiko Golkoraino.

Bizkaia aitzindaria izan da berrikuntzan eta itsasadarraren bi ertzak lotzeko azpiegitura handiak eraikitzeko azken teknologia industrial eta zientifikoen erabileran, hala nola Bizkaia Zubia, 2006an Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuena bere izaera iraultzaileagatik, edo Rontegiko Zubia, 42 metroko garaiera duen galibo berarekin. Biak itsasadarraren nabigagarritasuna ahalbidetzeko diseinatuak, Euskadin bi ingeniaritza-lan ospetsu.

Erakusketa 2022ko maiatzaren 1era arte egongo da zabalik Itsasmuseumen.
Bitarte horretan, jarduera paraleloak egingo dira, hala nola hitzaldiak, topaketak, bisita gidatuak eta tailerrak.

Esperanza Yuntaren margolaritza

Bilbon bizi den artista nafarrak itsasadarrean aurkitutako elementuak erabiltzen ditu bere obrak sortzeko, burdin edo egur zati txikiak, besteak beste. Aukeratutako elementuek, modu artistikoan antolatuta, Bilboren iragan industrialera igortzen duten sorkuntza original eta bakarrei forma emateko balio dute. Lan konplexua da, tekniken eta materialen ikerketa sakon baten emaitza, eta prozesu sofistikatu batean amaitzen da. Prozesu horretan, hainbat testura, japoniar eta nepaldar jatorrizko paperak edo berezko fabrikazioko produktu naturalak eta grabatua bezalako teknikak erabiltzen ditu.


Yuntak komunikatzeko tresna gisa ulertzen du artea, transmititzeko edo partekatzeko modu gisa, eta koloreak eta defendatzen du “
haien tonalitateak eta kromatismoak elkartzea ez da kasualitatearen ondorioa ezta ustekabeko gertaera ere, baizik eta esperimentazio luze baten ondorioa; urteetan gauzatzen den lan-prozesu bat da . Ez da nire lanetan ustekabeko edozein topaketari uko egiten diodanik, onartzen dut eta unitate bat osatuz eraldatzen dut”.

Tere Ormazabalen argazkigintza

Tere Ormazabal argazkilari bilbotarrak zuri-beltzeko eta koloretako pieza sorta bat aurkeztu du bere ibilbide profesionalean erronka bat den erakusketan, bai gaiaren aldetik, arkitekturaren gaia egoera puruan jorratzen duen lehen aldia da, “normalean oharkabean igarotzen diren xehetasun eta perspektibetan oinarritutako ikuspegi artistiko bat eskainiz”, baita “emulsio-transferentzia digitala” izeneko argazki-teknikarekin egindako lan batzuk sartzeagatik ere. Teknika hori emultsioa beste euskarri batera eramatean datza, prozesuan estetika oso berezia sortzen duten tolesturak eta zimurrak sortuz.

Informazio gehiagorako: komunika@itsasmuseum.eus