• Gunea Euskal Museoarekin dagoen lankidetza estuari esker ireki ahal izan da

  • Bilbon 1511. urtean sortutako erakunde hau erabakigarria izan zen Hiribilduko itsas merkataritzaren garapenean

Bilbon, 2022ko otsailaren 1ean. Lorea Bilbao, Itsasmuseumeko eta Euskal Museoko lehendakari, eta Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak, eta Jon Ruigómez, Itsasmuseumeko zuzendariak, Bilboko Kontsulatuari dedikatutako erakusketa-gune berria aurkeztu dute gaur goizean. 1511ko ekainaren 22an sortu zen erakunde aitzindari hori, nabigagarritasunari oso lotua, Bilboko itsasadarreko merkataritza-jarduera gero eta handiagoari erantzuteko.

Bilboko Kontsulatua, hasieran Itsas Etxea eta Bilboko Kontratazio Etxea deiturikoa, Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberaren organo aitzindaria izan zen. Merkatariak, garraiolariak eta herriko itsas maisuak biltzen zituen, eta itsasoko merkataritza-trafiko guztia arautzen eta kontrolatzen zuen. 300 urte baino gehiagoko bizitzan, erabakigarria izan zen Bilboko historian eta aurrerabidean.

Gune berria museoaren beheko solairuan dago, eta Bilboko Kontsulatuari buruzko 300 metro koadro baino gehiago hartzen ditu. Erakusketa iraunkorrean jauzi kualitatibo bat dakar, eta Itsasmuseumen oso presente dagoen etapa historiko bat osatzen du, Bilbo hiri gisa eta Bizkaia lurralde gisa nola garatu diren ulertzeko beharrezkoa.

Bilboko Kontsulatua Itsasmuseumen (ikusgai dauden piezen zerrenda)

Erakutsitako piezen artean, nabarmentzekoak dira zurez eta burdinaz polikromatutako artxibo-armairuak, Joaquín de Echeverria maisu mihiztatzaile bilbotarrak 1761ean sortuak, eta Kontsulatuaren Artxiboa osatzen zutenak; XVII. mendean eraikitako Audientzien Aretoko aulkiak, iturri batzuek Luis Paret y Alcázar pintoreari egozten dizkiotenak; eta Kontsulatuko kapera, XVI. mendekoa, San Anton elizan kokatua, presente dagoena Kontsolazioko Andre Mariaren tailuaren eta urreztatuko zurez egindako XVI. mendeko erretaulako panel baten bidez.

Historiaren zein ondarearen ikuspegitik garrantzitsuak diren elementu horiek formatu handiko bi margolanekin osatzen dira: Bilboko Kontsulatuaren Zutabeen Korridorea, Manuel Losadak 1920an sortutako pastel-pintura, Bilboko Kontsulatuaren egoitzaren barrualdea islatzen duena, eta hemen azaldutako objektu batzuk ikusteko aukera ematen duena.

Beste margolana Bilbao petroliontzirako horma-irudia da, 1962koa, José María de Ucelay artistak egina. Lan horretan Bilboko Kontsulatuaren aitzindari izan zen Brujasko (Belgika) Bizkaiko Etxea eta Kontsulatuaren bandera ikus daitezke.

Aipagarriak dira, halaber, bederatzi kasetoi edo tabiko, gaztaina-zurezko taula angeluzuzenak, merkataritzarekin zerikusia duten itsasoko eszenak erreproduzitzen dituztenak, Arana Jauregitik etorriak, eta faluaren irudikapen zaharrenetako bat dutenak.

Aldi berean, maketa batzuek XVI. mendeko Bilbo, garai hartako San Anton eliza eta Bilboko Udala, Brujasko Bizkaiko Etxea eta falua irudikatzen dituzte; garai hartako ikusizko testuingurua gogorarazten duen baliabide didaktikoa.

Hautatutako piezak, objektuak eta artelanak Euskal Museotik lekualdatzeko prozesua konplexua izan da, eta, horretan, zaharberritzearen arloko pertsonek eta enpresek hartu dute parte, lan zorrotza eta profesionala eginez. Piezak, batez ere Kontsulatuko artxibo-armairuak, kontserbazio- eta zaharberritze-lanetan daude in situ. Lan horrek aurrera jarraituko du, lanengatik irekia moduko batean, erakusketara joaten diren pertsonei zaharberritzearen mundu liluragarria zuzenean ezagutzeko gonbita eginez.

Kontsulatuak protagonismo handiagoa hartu du museoan, Euskal Museoaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberaren, Portuko Agintaritzaren, Bizkaiko Foru Artxibo Historikoaren, José María Arriola Liburutegiaren, Sociedad Bilbaínaren, Landa Ochandiano Arquitectosen eta Sancho el Sabio Vital Fundazioaren laguntzari esker.

Gune berriak Merkataritza Ganberaren eta Bilboko Portuaren presentzia bultzatzen du, Kontsulatuaren beraren lanaren oinordeko diren erakundeak baitira, lankidetzarako aukera berriak irekitzen ditu eta Bilbon oso garrantzitsua den garai historiko bat islatzen du.

Bilboko Kontsulatua

1511n sortu zen, Gaztelako Joana I.a erreginaren Hornidura Errealaren bidez. Bilboko portuko eta itsasadarreko merkataritza arautzeko, bide- eta portu-azpiegiturak proiektatzeko eta gauzatzeko, nabigazio-azterketak programatzeko eta kapitainak eta pilotuak prestatzeko ardura zuen. Hiru izan ziren Kontsulatuaren esparru nagusiak: prestakuntza eta ezagutza, Bilbon aurrekaririk gabeko ekintzaileen belaunaldi bat sortzeko funtsezko faktorea, legeria eta lanaren aitorpena.

Hura sortzeak Bilboko Portua Europako iparraldearekiko merkataritzan finkatzea eragin zuen, batez ere Brujas, Nantes eta Arroxela hiriekin; Brujasen ireki zen, 1489an, Bizkaiko Kontratazio Etxea. Merkataritza-bide berri horiek aurrekaririk gabeko hazkunde ekonomiko eta soziala ekarri zuten, eta beste jarduera batzuei eman zieten bide, hala nola ontzigintzari eta burdinari.

XVI. mendean, hiriaren jarduera ekonomiko eta soziala gaur egun Alde Zaharra den gunean zegoen, San Anton zubiaren eta elizaren ondoan. Leku horretan zeuden Bilboko Udala, Kontsulatua eta portua, mota eta tamaina guztietako ontziz beterik, itsasadarrean behera nabigatzen sartzen zirenak beren salgaiak kargatu edo deskargatzeko.

Kontsulatuak bere Ordenantzak onartzeko eskumena zuen eta, erregeak onartu ondoren, haren jurisdikziopean zeudenek nahitaez bete beharrekoak ziren. 1520an, aseguruak arautzeko lehen Ordenantzak idatzi ziren, eta 1560an Bilboko lehen merkataritza-kodea onartu zen. Kode hori denborarekin hobetu zen, eta 1737ko Ordenantzetan bere bertsiorik onena lortu zuen. 1829an onartutako Merkataritza Bakarraren Kodean sartu zen; kode horren bidez, merkataritza-izaerako araudi guztiak indargabetu ziren, Kontsulatuak bere funtzioak eta eskumenak galdu zituen, eta 1829ko maiatzaren 30eko Errege Aginduaren bidez desagertu zen.

Nabarmentzekoa da ordenantza horiek Latinoamerikako 19 herrialdetako eta Filipinetako merkataritza-kodeetan ere jasotzen direla nazioartean.

Informazio gehiagorako: komunika@itsasmuseum.eus (Leire Aurrekoetxea)