• Atzera begirako bat da, itsasoarekin zerikusia duten hogei bat lanekin, horietako batzuk inoiz erakutsi gabeak

  • Erakusketa maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai Carol Iglesias Espazioan

Bilbon, 2022ko martxoaren 22an. Gaur goizean, Itsasmuseumeko zuzendariak, Jon Ruigomezek, eta artista plastikoa den, Begoña Artabek (Zornotza, 1946), Itsasoaren begiradak-Miradas del mar aldi baterako erakusketa aurkeztu dute. Bertan, koloreak eta materiak berebiziko garrantzia dute. Atzera begirako bat da bere etapa artistiko desberdinetako obra adierazgarriekin, gaztarotik hasi eta heldutasunera arte, orain arte erakutsi ez diren margolan batzuekin.

Begoña Artaberen ibilbide artistikoa 90eko hamarkadan loratu zen, bere bizi-mugimendu artistikoa garatu zuenean: Hodeismoa. Zornotzako artista honek bere ekoizpen artistikorako zein bizitzarako sortzen duen mugimendu hau mundua hodeietatik islatzean datza, munduari goitik begiratuz.

Erakusketan teknika eta estilo artistiko ugariko hogei bat pieza daude, surrealismotik abstrakziora, espresionismotik pasatuz, eta material naturalak erabiltzen dira, hala nola mineralak, itsas fosilen aztarnak, harea, harriak, lurra eta hezurrak edo errautsak, besteak beste.

Artistak dioenez, erakusketa hau oso berezia da, bere bilakaera artistiko eta bizia irudikatzen duelako; eta Itsasmuseumentzat, berriz, beste urrats bat da tokiko talentuarentzako plataforma izateko eta artea formatu eta diziplina desberdinetan bisitatzen gaituztenei hurbiltzeko grinan.

Bere ibilbide profesional luzean, bere lanak hainbat areto eta galeriatan egon dira ikusgai, bai herri mailan, Iruñean, Gernikan edo Lekeition, besteak beste, eta baita nazioartean ere, hala nola, Idahon eta Parisen. Gainera, tailer eta programa didaktikoetan parte hartu du Rekalde Galerian, Bilboko Arte Ederren Museoan edo Guggenheim Bilbao Museoan.

Itsasoaren begiradak, 2022ko maiatzaren 1era arte egongo da zabalik Carol Iglesias Espazioan eta bisita librea izango da.

Informazio gehiagorako: komunika@itsasmuseum.eus (Leire Aurrekoetxea)