Kalitatezko tokiko diseinuaren aldeko apustua egiten duen erakusketa da martxoaren 20ra arte egongo dena zabalik

Bilbon, 2022ko urtarrilaren 19a. Gaur goizean Jon Ruigómez, Itsasmuseumeko zuzendariak, eta Ana Ortuondo, diseinatzaile grafiko eta ehungintzako diseinatzaile bilbotarrak, Ikusten duzu, hortxe daukazu aurkeztu dute. Itsasadarrari eta Bilbori estu lotutako piezek osatutako aldi baterako erakusketa da. Koloreak du protagonismo handia, eta, beste behin ere, euskal diseinuaren kalitate handia erakusten da.

Erakusketa, Bilboko itsas eta industria-ingurunea islatzen duten inpresio digital erakargarriekin egindako zetazko dozena bat pieza baino gehiagok osatzen dute, Itsasmuseumarekin oso lotuta dagoen hiri-paisaia garaikidea, kolorearen eta estanpazio alai eta erakargarrien bidez.

Gaur inauguratu den erakusketaren protagonista nagusia, Itsasadarra da, artista bilbotarrarentzat elementu sortzaile erabakigarria eta oso presente dagoena, bere hitzetatik ateratzen den bezala, “gure errealitatea interpretatzen dugu gure ingurunea ikusten dugun heinean”. Itsasadarrak hiriaren erdigunea berreskuratu duen elementua da eta, azken urteotan, Bilboren hirigintza-garapen garaikidearen ardatz nagusietako bat izateaz gain, herritarrek bereziki maite dute eta hiri horri lotuta sentitzen diren pertsona guztientzako pitzadurarik gabeko lotunea ere bada. Itsasadarra Bilboko ardatz nagusia izan da, eta izango da, hiria1300ean sortu zenetik, itsas izaera eman diona, eta munduarekin lotura zuzena eskaintzen diona.

Ana Ortuondok kolorearen ikertzaile, sutsu eta defendatzaile moduan aurkezten du bere burua eta bere hitzetan: “Azaldutako obrek itsasadarrari eta Bilbori buruzko nire ikuspegi pertsonal eta kontzeptuala markatzen dute, baina ez elementuen edo sinboloen ikuspegitik bakarrik, baita horien kolorearena ere, hor dagoena eta batzuetan oharkabean pasatzen dena, hortik dator ere erakusketaren izenburua”.

Artistarentzako “erakusketa honek aukera paregabea eskaintzen dit nire lanaren gaiarekin estuki lotuta dagoen espazio batean erakusteko, publiko handi bat jasotzen duena eta publiko horri, nire obren bidez koloreak duen garrantziaz hausnartzera gonbidatzea gustatuko litzaidake”. Itsasmuseumentzat, gaur aurkeztu den erakusketa bezalako bat hartzeak kalitatezko tokiko ekoizpenaren aldeko apustuarekin jarraitzea suposatzen du, Bilboko komunitatearentzako plataforma izaten jarraitzearen alde, eta artea bere formatu eta diziplina desberdinetan bisitatzen gaituztenei hurbiltzearen alde, kasu honetan, ehun-diseinuko produktuekin.

Ikusten duzu, hortxe daukazu Carol Iglesias Espazioan egongo da zabalik martxoaren 20ra arte eta sarrera librea izango da.

Informazio gehiagorako kontaktua: komunika@itsasmuseum.eus (Leire Aurrekoetxea)