Obra hau Bilboko Arte Ederren Museoak maileguan utzitako laugarrena da, Quintín de Torreren Lemazaina, Julian de Tellaechearen Txo Zuria eta Jesus Mari Lazkanoren Bilbo MMX lanen ondoren

Bilbao, 2022eko otsailaren 17a. Gaur, Lorea Bilbao, Itsasmuseumeko lehendakari, eta Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak, Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendariak, Jon Ruigómez, Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak, eta Mari Puri Herrero artistak (Bilbao, 1942), bi museoek sinatutako Obra Gonbidatua programaren esparruan, Itsasmuseumen ikusgai egongo den Itsasontzi urdina obraren aldi baterako lagapena aurkeztu dute.

Itsasontzi urdina oso antzekoak diren bi koadroz osatutako multzoa da. Kolore urdin biziz margotuak, gai komun bat dute, itsasoz haraindiko hodei eta lanbroaren artean dagoen itsasontzi bakartia, baina neurri ezberdinekoak dira eta euskarri desberdinetan eginda daude: mihisean, handienaren kasuan, eta taulan, txikienarenean. Bi obrei arretaz erreparatzen bazaie, haien irudiak sekuentzialak direla ulertuko da, handienean hodeia itsasontziaren aurretik doan bitartean, txikienean atzean geratzen hasten da.

Bere ibilbide artistiko luzean, Mari Puri Herrerok inguratzen duen espazioa margotu du bere ikusmolde anitzetan, hirikoa, landatarra eta, jakina, itsasokoa, kasu honetan bezala. Obra hori Bizkaiko kostaldeari eskainitako eremuan egongo da ikusgai, eta Itsasmuseumen erakusketa-diskurtsoarekin bat dator oso modu koherentean.

Mari Puri Herrerok, jaiotzez bilbotarra eta bere lurrari estuki lotua, 1960ko hamarkadaren hasieran ekin zion bere ibilbide artistikoari. Madrilen hezi zen eta Bizkaiko Aldundiaren eta Herbehereetako gobernuaren beka bati esker, Amsterdamen jarraitu zuen prestakuntza. Garai erabakigarri horretan James Ensor margolariaren lana ezagutu zuen, bere obran eragin handia izango zuena. Pinturari eta grabatuari buruzko ezagutzak zabaldu zituen eta Europan zehar bidaiatu zuen. 1982an bere lan grafikoa katalogatu zen eta 1992an bere marrazkiak.

80 urterekin, Mari Puri Herrerok bakarkako eta taldeko erakusketa ugaritan erakutsi du bere lana, bai Madrilen, bai Bilbon.

Obra Gonbidatua programa

Gaur jendaurrean aurkeztutako Itsasontzi urdina, Obra Gonbidatua programaren barruan Itsasmuseumera iristen den laugarren obra da, Quintín de Torreren (Bilbao, 1877 -1966) Lemazaina, Julian de Tellaechearen (Bergara, Gipuzkoa, 1884 – Lima, 1957) Txo Zuria eta Jesus Mari Lazkanoren Bilbo MMX (Bergara, Gipuzkoa, 1960) lanen ondoren.

Lankidetza-hitzarmen egonkor eta periodiko honek, 2019an hasi zena, bi erakundeen arteko sintonia ona islatzen du, eta Bilboko Arte Ederren Museoaren funts zabaletatik aldez aurretik aukeratutako obra adierazgarri bat Itsasmuseum Bilbaon erakusteko aukera ematen du.

Obra Gonbidatua programak dinamismoa ematen dio Itsasmuseum Bilbaoren erakusketa-proposamenari; izan ere, ehun urtetik gorako Bilboko pinakotekaren balio artistiko eta historiko aitortua duten lanak ikusarazten ditu, ohikoa ez den beste leku eta testuinguru tematiko batean. Horrela, elkarrizketa berritzaile eta koherentea sortzen du aldi baterako mailegatutako lanen eta erakusketa osatzen duten gainerako piezen artean.

Garai bateko Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, gaur egun Itsasmuseumek, duela 18 urte ateak ireki zituenetik elkarrekin egindako proiektuen artean, Itsasoa artean, artea itsasoan (2011) erakusketa nabarmentzen da, Bilboko Arte Ederren Museoko 90 artelanez osatua. Besteak beste, Mari Puri Herreroren Itsasontzi urdina zegoen haien artean. Urte hauetan, Obra Gonbidatua programari eduki eta ibilbide sendoagoa emateko asmoz, programazio osagarria antolatu da bi museoen arteko lankidetzan obrak Itsasmuseumen ikusgai zeunden bitartean, hala nola, Quintín de Torre, tradición y modernidad eta Julián de Tellaeche, pintor del mar y de sus gentes, hitzaldiak. Gaur aurkezten den obraren kasuan ere aurreikusita dago holako jarduerak eskaintzea.

Lankidetza horietatik haratago, bi museoen arteko harremanak sustrai are sakonagoak ditu. Itsasmuseum Bilbaoren diskurtsoak bereziki azpimarratzen du XIX. mende amaierako eklosio ekonomiko, politiko eta soziala Bizkaian, zeinetatik sortzen baita itsas industriarekin oso lotuta dagoen klase burges boteretsu bat. Horrek, aldi berean, aurrekaririk gabeko kultur interesa garatu zuen. Garai hartako itsas negozioan eragin handiena izan zuten pertsonaien artean, Bilboko Arte Ederren Museoaren emaile eta bultzatzaile nagusiak sortu ziren, Bilbo eta Bizkairako erabateko erreferentea nazioarteko proiekzio sendoarekin.

Informazio gehiagorako: komunika@itsasmuseum.eus (Leire Aurrekoetxea)