Erain Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren proiektu estrategikoa da, eta XX. mendeko Bizkaiko erriberako zurgintza lanbidea berreskuratzeko xedea du.

 

Memoriak Nuevo Anchústegui zaharberritzeko txostena hartzen du barne

 

Bilbon, 2019ko otsailaren 21ean. Gaur, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko presidente eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbaok, erriberako zurgintzako Erain proiektuko arduradun Jon Ispizuak, proiektuko zaharberritzaile eta teknikari Carmen López Camarzanak eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zuzendari Jon Ruigómezek eskuliburu tekniko bat aurkeztu dute, “Erain Memoria”, abian jarri zenetik 2018ra arte proiektuak izan duen bilakaerarekin. Dokumentuak argi azaltzen du erriberako zurgintzako tailerra abian jartzeko prozesua, bai eta Nuevo Anchústegui zaharberritzeko txosten tekniko zehatz bat ere.

 

Historia

 

Euskaraz erain esaten zaio taula batek itsasontzi baten formetara egokitzeko behar duen ebakera-motari. Gainera, “eragin” aditzaren lagunarteko aldaera ere bada, eta aditz horrek sustatu, piztu, bultzatu edo erein esan nahi du. Proiektu honen bidez, horixe lortu nahi da, hain zuzen, erriberako zurgintzaren jakintza sustatu, hedatu eta zabaldu, Museo eta lurralde gisa dugun identitatearen parte baita.

Erain proiektua 2016an sortu zen, orduan Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hausnarketa bera egin baitzuten: komenigarria zela Bizkaiko erriberako zurgintza lanbideari buruzko jakintza-polo bat sortzea. Orduan, asmo handiko lan-plana diseinatu zen, Bilboko itsasadarraren bi ertzetan eta Bizkaiko itsasalde osoan mendeetan barrena itsasontziak eraikitzeko izan den modua osorik berreskuratu ahal izateko.

Ekimenak bi mugarri izan zituen bultzada gisa: Itsasontziak Kontserbatzeko Plan Orokorra, 2015ean diseinatua Museoko bildumako itsasontziei begira. Eta Bizkotxalde gasolinoa zaharberritzeko lan egokia, tailer honetan 2016an egina.
Erain proiektu integrala da, eta hiru espazio ditu, ondo bereiziak, baina aldi berean elkarren arteko lotura dutenak:

  • Erakusketa, XX. mendeko Bizkaiko erriberako zurgintza testuinguruan kokatzeko.
  • Tailerra, bizia, dinamikoa eta jendearen parte-hartzera zabalik. Adituen, itsasoa maite duten boluntarioen eta zurgintza lanbidearen ikastun gazteen elkargunea dena.
  • Eta, azkenik, dikeak, 2018ko ekainaren 20an 150 urte bete zituztenak, Museoaren bildumako itsasontziak kontserbatzeko tokia eta kokalekua.

 

Proiektuaren ildo estrategikoen artean, besteak beste, hauek nabarmentzen dira: itsasontzi tradizionalen eraikuntza (bi asmorekin: jakintza berreskuratzea eta pertsonak prestatzea), dauden itsasontziak kontserbatzea/zaharberritzea, eta jakintza ezagutaraztea eta dinamizatzea, itsasoari lotutako ekitaldiak eginez, jende eta herritar guztientzat zabalik.

 

Nuevo Anchústegui, etorkizuneko proiektua

 

Erain proiektuan garrantzi berezia duenez, Memoriak kapitulu oso bat du Nuevo Anchústegui Zaharberritzeko Txosten Teknikoari buruz, eta zehatz-mehatz jasotzen ditu 2018an egin diren ekintza eta lan guztiak, esku-hartze guztien historikoa, kontserbazio-egoera orokorraren diagnostikoa, eta itsasontzian esku hartzeko irizpideen definizioa. Zaharberritze-lan zientifikoa honek, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babes ekonomikoa du.

 

Erain komunitatea

 

Zaharberritze-lan zientifikoa denez, diziplina anitzeko talde tekniko batek esku hartzen du; zaharberritze-, etnografia-, museo-, ondare- eta unibertsitate-arloetako profesionalek eratzen dute taldea.

Bestetik, Erain proiektuak lankide estrategikoen sare bat du; horien artean, hauek nabarmentzen dira: Otxarki Lanbide Heziketako Eskola, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatea eta Baskegur. Gainera, itsasontziaren dohaintza egin zuen Antxustegi familiaren inplikazioa funtsezkoa izaten ari da, dokumentazio-lana errazteko datuak, argazkiak eta informazioa emateko prozesuan.

Erain proiektuan parte hartzen duten pertsonek lantalde egonkorra eta engaiatua eratzen dute, eta etengabe ari dira beren burua prestatzen erriberako zurgintzaren arloan. Ildo horretan, Nuevo Anchústegui zaharberritzeko lanari ekiteko behar den jakintza transmititzeko, Portu txalupa osagarria eraiki da, Euskalduna ontziolaren XX. mende hasierako jatorrizko plano bat abiaburutzat hartuta.

Orain arte, ikasteko prozesu horrek onura nabarmenak ekarri dizkie, giza mailan, bai Museoari, bai proiektuan era aktiboan parte hartzen ari direnei, besteak beste, boluntarioei, LHko ikasleei, ikertzaileei eta bisitariei. Denen artean, indarrak batzen ari dira proiektua aurrera ateratzeko, eta komunitate trinkoa eratu dute, berrikuntza soziala balio nagusitzat hartuta, belaunaldien arteko eta kulturen arteko solasaldi aberasgarria bultzatzeko.

Lagun horietako askoren konpromisoari eta ardurari esker, Itsas Museoaren “Itsaslagun” Lagunen Elkartea jarri da abian. Gehienbat, parte hartzen duten boluntarioek eratzen dute, denen artean dagoen harreman onaren seinale.

Epe ertainera, Itsas Museoak Praktika Egokien Eskuliburua prestatu nahi du, Erain proiektua bermatzeko, erriberako zurgintzaz jakiteko poloa den aldetik, eta lagungarria izan dadin itsas ondarea zaharberritzeko eta kontserbatzeko irizpideak ezartzeari begira.

 

Informazio gehiagorako

Leire Aurrekoetxea – Responsable de Comunicación del Museo Marítimo
komunika@itsasmuseum.eus
94 608 55 01