• Arte Ederren Bilboko Museoak Obra Gonbidatua lankidetzaren esparruan 2018. urteaz geroztik maileguan uzten duen bosgarren lana izango da.
  • Erakusketa iraunkorrari dinamismoa ematen dion programa da Obra Gonbidatua. Programa horri esker ikusi ahal izan dira Itsasmuseumen Quintín de Torreren Lemazaina, Julián de Tellaecheren Txo zuria, Jesus Mari Lazkanoren Bilbo MMX eta Mari Puri Herreroren Itsasontzi urdina.

Bilbon, 2023ko maiatzaren 8an. Gaur goizean, Javier Novo Arte Ederren Bilboko Museoko Kontserbazio eta Ikerketa koordinatzaileak eta Jon Ruigómez Itsasmuseumeko zuzendariak Álvaro Alcalá Galiano margolariaren (Bilbo, 1873 – Paracuellos del Jarama, Madril, 1936) Eguraldi txarra. Holanda obraren aldi baterako lagapena aurkeztu dute, bi museoek sinatutako Obra Gonbidatua programaren barruan. Lan hori 1916an iritsi zen museoaren bildumara, artistaren dohaintzari esker.

Prentsaurrekoan Lorea Bilbao Ibarra, Itsasmuseumeko presidentea eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendariak, eta Begoña Alcalá-Galiano, artistaren biloba eta bere obran aditua dena, ere izan dira.

Hurrengo hilabeteetan Itsasmuseumen ikusgai izango den Eguraldi txarra. Holanda (c. 1902, olioa mihisean, 72,7 x 91,4 cm) margolanean Holandako eszena bat irudikatzen du margolariak. XIX. mendearen amaieran interes handia sortzen zien nazioarteko artistei mundu bretoi eta holandarrak, kostaldeko bizitzaren ikuspuntu exotikoagoa, ez hain bukolikoa eta pintoreskoa eskaintzen baitzien oro har. Joera hori oso presente egon zen bilbotar margolariaren ekoizpen artistikoan, eta horixe izan zen hark, XX. mendearen hasieran, garai hartako euskal pinturari egin zion ekarpen interesgarrienetako bat.

Egilea eta lana

Bilbon hasi zituen ikasketak, Antonio María Lecuona eta Adolfo Guiardekin, eta Madrilera lekualdatu zenean (1890), bi artista handiren ikasle izan zen: lehenik, José Jiménez Arandarena, eta, 1893tik aurrera, Joaquín Sorollarena. Lehenengo urteetan oso presente izan zituen bere lanetan gai kostunbristak, eta haietan nabarmen ikusten zaio Anselmo Guinearen eragina, bai konposizioan bai kolorearen erabileran.

  1. urtean, bidaia artistiko bat egin zuen Alcalá Galianok Bretainia eta Holandan barrena, eta aurrerantzean ere errepikatu zuen. Bidaia hartako lanak Madrilgo bere estudioan erakutsi zituen, handik bi urtera (1902). Aukeratutako lanen artean zegoen Eguraldi txarra. Holanda lana: Volendamgo portuaren irudikapena da, Herbehereetan. Iparraldeko portuetako beste hainbat eszenatan erakutsitako hainbat ezaugarri uztartu zituen Alcalá Galianok lan hartan: tinta grisekiko eta zeru beruneztatuekiko zaletasuna, arrantzaleen irudiak eta ontzien siluetak ebakitzen dituzten kontraargiak, eta belen eta haien islen lerro bihurgunetsuen dotoretasuna.

Garai hartan ekin zion, halaber, erakundeetako eraikinen pintura dekoratiboari, hala nola Bizkaiko Diputazioaren Jauregian (1905), Justizia Jauregian (1924) eta Itsas Armadako Ministerioan (1926-1928), Madrilen. Jarduera hori Europan eta Hego Amerikan zeharreko hainbat erakusketarekin tartekatu zuen, eta garai hartako euskal margolari garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen. Madrilen hil zen, Gerra Zibilean.

Eguraldi txarra. Holanda lana Bilboko Itsasmuseumen izango da aldi baterako, Arte Ederren Bilboko Museoak utzita, eta oso une berezian ikusi ahal izango da bertan; izan ere, 2023ko maiatzaren 21ean artistaren jaiotzaren 150. urteurrena da. Testuinguru horretan, ekainaren 21ean, Begoña Alcalá-Galianok, artistaren biloba eta artistan aditua, hitzaldi bat eskainiko du Itsasmuseumen.

Obra Gonbidatua programa

Gaur aurkezten den Álvaro Alcalá Galianoren Eguraldi txarra. Holanda margolana Obra Gonbidatua programaren bitartez iritsi da Itsasmuseumera. Programa horren baitako bosgarren lana izango da, aurretik honakoak izan dituelarik: Quintín de Torreren (Bilbao, 1877-1966) Lemazaina, Julián de Tellaecheren (Bergara, Gipuzkoa, 1884-Lima, 1957) Txo zuria, Jesus Mari Lazkanoren (Bergara, Gipuzkoa, 1960) Bilbo MMX eta Mari Puri Herreroren (Bilbao, 1942) Itsasontzi urdina.

Oraingo honetan, beraz, margolari “klasiko” baten lana nabarmenduko da, Mari Puri Herreroren multzo garaikidearen ondoren.

Lankidetza hitzarmen hori 2018an jarri zen abian, eta dagoeneko egitasmo egonkorra eta aldian behingoa da. Bi erakundeen arteko harreman onaren erakusgarri da hitzarmena, eta horri esker ikusi ahal izan da Itsasmuseumen Arte Ederren Bilboko Museoaren funts zabaletik hautatutako lan bat.

Programak dinamismoa ematen die Itsasmuseumen erakusketa proposamenei, aukera ematen baitu bilbotar pinakotekaren balio artistiko eta historikoko lanak ohikoa ez den leku batean eta testuinguru guztiz bestelakoan ikusteko; era horretara, elkarrizketa guztiz berritzailea eta koherentea sortzen da aldi baterako utzitako lanaren eta erakusketa osatzen duten gainerako lanen artean.

Antzinako Itsas Museoak (gaur egun, Itsasmuseum) orain dela 20 urte ateak zabaldu zituenetik elkarlanean egindako proiektuen artean aipagarria da Itsasoa artean, itsasoaren artea (2011) erakusketa; orduko hartan, Arte Ederren Bilboko Museoko 90 lan bildu ziren. Urte horietan guztietan, eta Obra Gonbidatua programari eduki gehiago eta ibilbide luzeagoa emateko helburuarekin, hainbat hitzaldi antolatu dira, elkarlanean, besteak beste: Quintín de Torre, tradizioa eta modernotasuna, Julián de Tellaeche. Itsasoaren eta bertako jendearen margolaria, edo egin berri den Mari Puri Herreroren Itsasontzi urdina, gauaren eta egunaren artean. Jarduera osagarri hori gaur aurkezten den lanarekin lotuta aurreikusi da, aurretik esan bezala.

Informazio gehiago: komunika@itsasmuseum.eus (Leire Aurrekoetxea)