Korporatiboa
Zure garrantzirako Museoaren informazio guztia
Zergatik aro berria?
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, 15 urte betetzen dituen honetan, eraldaketa sakona gauzatu du. Urte hauetan guztietan mila piezatik gorako bilduma osatu dugu, balio handiko ondarea bilduz. Bestalde, aldi baterako 80 erakusketa baino gehiago prestatu ditugu; 60 itsasontzi baino gehiago erakarri ditugu gure kaietara; milioi bat bisitari izan ditugu –hamar mila ikasle urte bakoitzeko–, eta, gainera, argitalpenak, hitzaldiak, tailerrak eta beste hainbat jarduera kultural antolatu
ditugu.

2017. urtean, Museoak Plan Estrategiko berria onartu zuen, itsas ikuspuntua nabarmenduz, Bilbotik Bizkaiko kostalde osora zabalduta. 2018. urtean bi egitasmo estrategiko garatu ditugu: batetik, Port Center-en irekiera, Portuak egun daukan garrantzia azaltzeko, eta, bestetik, Erain erriberako arotzeriaren ezagutza poloa abian jartzea. 2019. urtean ere hainbat hobekuntza egiten ari gara, bai bilduman bai erakusketa iraunkorrean, bisitaren esperientzia hobetzeko asmoz, eremu berriak zabalduz, hezkuntza baliabideak areagotuz, etab.
Berritze prozesu honek etapa berria zabaltzen du, marka aldaketa bati esker, Itsasmuseum, zeinak gure nortasunaren adierazle diren ezaugarri hauek daramatzan erantsita.
1.- Itsas izaera
Gure Museoak itsas kultura aintzat hartzen du. Gure nortasunari, izaerari, forma ematen dio, eta irekia eta geurea da, aldi berean. Bilbo eta Bizkaia, oro har, eta bertako jendea itsasoarekiko harreman estuan bizi dira, eta itsasoarekiko harremanean lan egin eta gozatzen du. Bizkaiko kostalde osoan zehar arrantza zein kabotaje portuak daude, eta Bilbon jakina da portua sortu zela hiria baino lehen. Itsas bideak, ontzigintza eta itsasoarekin lotuta egon den industria ogibide izan dira. Alabaina, itsasoa, lanbide ez ezik, gozamen-iturri ere izan da, aisialdian
eta kirolean, arraunean, surfean zein belan.
2.- Hausnarketa
Museoa gogoeta-eragilea da, hartu-emana sorrarazten duten hainbat jarduera bultzatzen baititu: zikloak, hitzaldiak eta argitalpenak. Betiere, itsasoa abiapuntu gisa, harekin lotutako balioak geure egiten ditugu: ingurunea, talde-lana, jasangarritasuna eta egoera berrietara egokitzeko beharrezkoa den pentsamendu kritikoa. Guztiak dira oso baliotsuak, Museoak ezagutzaren egungo gizarteak sorrarazten dituen erronkei aurre egiteko.
3.- Berrikuntza soziala
Gure Museoa inklusioaren bultzatzaile sutsua ere bada, kulturaren ateak pertsona guztiei zabaltzeko gaitasuna baitauka. Gure Museoan kultura eta belaunaldi desberdinetako pertsonak uztartzen dira, eta solas aberasgarria sortzen dute. Kohesio sozialari laguntzen dion berrikuntza eredu baten aurrean gaude.
Elkarlanerako jarrera honetan oinarrituta, gure Museoak hamaika hitzarmen sinatu ditu itsas zein gertuko eragileekin.
4.- Ezagutza eta ondarea
Ezagutza berreskuratzeko, ikerketarako eta ondarea zein memoria babesteko lan egiten dugu hainbat modutan. Erain-en, Bizkaiko erriberako arotzeriaren ogibidea lantzen dugu, eta, diziplina anitzeko talde baten laguntzarekin, Nuevo Antxustegi arrantza-ontziaren zaharberritze zorrotza egiten ari gara; gainera, lan horretatik, praktika onen txosten bat aterako da. Azkenik, unibertsitatearen alorreko kolaboratzaile sare baten laguntzarekin, Maritimotasunak antropologi ikasketen bilduma bultzatu dugu.
5.- Komunitatea
Azkenik, eta gauza guztien gainetik, pertsonak gaude. Hasieran, gure Fundazioa eta Museoa bultzatu zutenak, erakundeen laguntzarekin. Urte hauetan guztietan geurera hurbildu direnak eta gurekin bat egin dutenak. Eta, oro har, hemen euren Itsas Museoa aurkitzen duten bilbotar eta bizkaitar guztiak. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez.
Gure nortasuna osatzen duten ezaugarri hauek guztiak eta azken boladan egin ditugun aldaketa guztiak marka aldaketa batekin borobiltzen dira. Gure proposamenaren mamira doan marka da: Itsasmuseum Bilbao. Eta berarekin, ontziolatik ateratzean itsasontzi handi baten branka irudikatzen duen ikurra, Euskaldunako dikeak gogora ekarrita. Izenak eta ikurrak marka erakargarria, berritzailea, benetakoa eta nortasun handikoa osatzen dute.
Itsasmuseum Bilbao da, 15 urte eta gero, gure Museoak hartu duen izena. Zabaltzen den aro berri hau gaurdaino ondo egin diren gauza guztietan oinarritzen da, eta Bizkaiko Golkoan itsas erreferente gisa kokatzeko aukera eskaintzen digu.
Jon Ruigómez Matxin
Itsasmuseum