Itsasontzi urdina

Mari Puri Herreroren Itsasontzi urdina Itsasmuseumera iritsi da Obra Gonbidatua programaren esparruan, Bilboko Arte Ederren Museoarekin sinatutako hitzarmena. Datozen hilabeteetan museoko aldi baterako erakusketan ikusgai egongo den lanak dinamismoa eskaintzen dio erakusketa-proposamenari, modu koherentean integratuz.

Itsasontzi urdina oso antzekoak diren bi koadroz osatutako multzoa da. Kolore urdin biziz margotuak, gai komun bat dute, itsasoz haraindiko hodei eta lanbroaren artean dagoen itsasontzi bakartia, baina neurri ezberdinekoak dira eta euskarri desberdinetan eginda daude: mihisean, handienaren kasuan, eta taulan, txikienarenean. Bi obrei arretaz erreparatzen bazaie, haien irudiak sekuentzialak direla ulertuko da, handienean hodeia itsasontziaren aurretik doan bitartean, txikienean atzean geratzen hasten da.

Bere ibilbide artistiko luzean, Mari Puri Herrerok inguratzen duen espazioa margotu du bere ikusmolde anitzetan, hirikoa, landatarra eta, jakina, itsasokoa, kasu honetan bezala.

Mari Puri Herrerok, jaiotzez bilbotarra eta bere lurrari estuki lotua, 1960ko hamarkadaren hasieran ekin zion bere ibilbide artistikoari. Madrilen hezi zen eta Bizkaiko Aldundiaren eta Herbehereetako gobernuaren beka bati esker, Amsterdamen jarraitu zuen prestakuntza. Garai erabakigarri horretan James Ensor margolariaren lana ezagutu zuen, bere obran eragin handia izango zuena. Pinturari eta grabatuari buruzko ezagutzak zabaldu zituen eta Europan zehar bidaiatu zuen. 1982an bere lan grafikoa katalogatu zen eta 1992an bere marrazkiak.