Eguraldi txarra. Holanda
Itsasmuseumek Álvaro Alcalá Galiano margolariaren (Bilbo, 1873 – Paracuellos del Jarama, Madril, 1936) Eguraldi txarra. Holanda obraren aldi baterako lagapena jaso du Bilboko Arte Ederren Museoaren eskutik bi museoek sinatutako Obra Gonbidatua programaren barruan.
Programa horren baitako bosgarren lana izango da eta oso une berezian ikusi ahal izango da bertan; izan ere, 2023ko maiatzaren 21ean artistaren jaiotzaren 150. urteurrena da. Testuinguru horretan, ekainaren 21ean, Begoña Alcalá-Galianok, artistaren biloba eta artistan aditua, hitzaldi bat eskainiko du Itsasmuseumen.
Hurrengo hilabeteetan Itsasmuseumen ikusgai izango den Eguraldi txarra. Holanda (1902, olioa mihisean, 72,7 x 91,4 cm) margolanean Holandako eszena bat irudikatzen du margolariak. XIX. mendearen amaieran interes handia sortzen zien nazioarteko artistei mundu bretoi eta holandarrak, kostaldeko bizitzaren ikuspuntu exotikoagoa, ez hain bukolikoa eta pintoreskoa eskaintzen baitzien oro har. Joera hori oso presente egon zen bilbotar margolariaren ekoizpen artistikoan, eta horixe izan zen hark, XX. mendearen hasieran, garai hartako euskal pinturari egin zion ekarpen interesgarrienetako bat.
Egilea eta lana
Álvaro Alcalá Galiano y Vildósolak Bilbon hasi zituen ikasketak, Antonio María Lecuona eta Adolfo Guiardekin, eta Madrilera lekualdatu zenean (1890), bi artista handiren ikasle izan zen: lehenik, José Jiménez Arandarena, eta, 1893tik aurrera, Joaquín Sorollarena. Lehenengo urteetan oso presente izan zituen bere lanetan gai kostunbristak, eta haietan nabarmen ikusten zaio Anselmo Guinearen eragina, bai konposizioan bai kolorearen erabileran.
1900 urtean, bidaia artistiko bat egin zuen Alcalá Galianok Bretainia eta Holandan barrena, eta aurrerantzean ere errepikatu zuen. Bidaia hartako lanak Madrilgo bere estudioan erakutsi zituen, handik bi urtera (1902). Aukeratutako lanen artean zegoen Eguraldi txarra. Holanda lana: Volendamgo portuaren irudikapena da, Herbehereetan. Iparraldeko portuetako beste hainbat eszenatan erakutsitako hainbat ezaugarri uztartu zituen Alcalá Galianok lan hartan: tinta grisekiko eta zeru beruneztatuekiko zaletasuna, arrantzaleen irudiak eta ontzien siluetak ebakitzen dituzten kontraargiak, eta belen eta haien islen lerro bihurgunetsuen dotoretasuna.
Garai hartan ekin zion, halaber, erakundeetako eraikinen pintura dekoratiboari, hala nola Bizkaiko Diputazioaren Jauregian (1905), Justizia Jauregian (1924) eta Itsas Armadako Ministerioan (1926-1928), Madrilen. Jarduera hori Europan eta Hego Amerikan zeharreko hainbat erakusketarekin tartekatu zuen, eta garai hartako euskal margolari garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen. Madrilen hil zen, Gerra Zibilean.
Eguraldi txarra. Holanda lana Bilboko Itsasmuseumen izango da aldi baterako, Arte Ederren Bilboko Museoak utzita, eta oso une berezian ikusi ahal izango da bertan; izan ere, 2023ko maiatzaren 21ean artistaren jaiotzaren 150. urteurrena da. Testuinguru horretan, ekainaren 21ean, Begoña Alcalá-Galianok, artistaren biloba eta artistan aditua, hitzaldi bat eskainiko du Itsasmuseumen.