El puente de Burceña

Burtzeñako zubia, c. 1925-1930
Olioa mihisean. 100 x 83,5 cm
Arte Ederren Bilboko Museoa
1940an erosia

XX. mendearen lehen erdiko euskal artearen maisulanetako bat da hiri-paisaia hau, eta egilea hil baino hilabete batzuk lehenago sartu zen museoaren bilduman. Ez du datarik, baina margolanaren estiloa Artetaren heldutasun artistikoari dagokio; izan ere, lan honetan ez zion tokirik utzi alderdi anekdotikoari edo apaingarriari, eta konposizioak baliabide plastiko hutsen bidez osatu zituen. Margolariak eszena langileen errebal batean kokatu zuen arren, koadroan ez dago ez lanaren gorespenik, ez izaera sozialeko aldarrikapenik.

Kadagua ibaiaren gaineko burdinazko zubiaren tiranteen erronboide-formako egitura da koadroaren konposizio-elementu nagusia. Zubi hori 1870eko hamarkadaren amaieran eraiki zuen Adolfo Ibarreta ingeniariak, Bilboko Zorrotza auzoa eta Barakaldoko Burtzeña auzoa lotzeko. Ukondoak barandaren gainean jarrita, langile bat beherantz begira dago: zaldizko batek gidatuta, zaldi bat ura edaten ari da ibaian, eta txalupa bat ere ikus daiteke; garai bateko nekazaritza giroko mundu arkadiar batera garamatza irudi horrek. Atzealdean, inguruko industria-munduaren ikur gisa, bolumen kubikoko langile-etxebizitzak eta tximinia handi bat ikus daitezke.