Bilbo MMX

Formatu handiko obra panoramiko hori (125 x 720 cm) Shanghaiko 2010eko Erakusketa Unibertsalerako sortu zen, eta hiriaren iraganeko, egungo eta etorkizuneko zedarri arkitektoniko nagusiak agertzen ditu, itsasadarra eraldaketaren bizkarrezur dela, pintura hipererrealista honetan, artistak xehetasun guztiak zaindu ditu Hiribilduaren ikuspegi ia fotografikoa emateko Artxanda eta Arangoiti arteko tokiren batetik; Bilboko arkitektura garaikidearen ikurrik nagusienetako batzuk nabarmentzen dira, hala nola Iberdrola Dorrea eta Guggenheim Museoa, baita Begoñako Basilika, San Mameseko estadioa eta beste toki enblematiko batzuk ere.

 

Gainera, hurrengo hilabeteetan Itsasmuseumera bisitan doazenek Lazkanoren obra horren aurrean izango dituzte ikusgai artistak berak eskuzabaltasun osoz laga dituen 10 zirriborro ere; zirriborro horietan aurretiazko prozesua ageri denez, ikustaldiari balio erantsia ematen diote eta obra sortzeak duen konplexutasuna ulertzeko lagungarriak dira.

 

Bilbo MMX Bilboko Udalaren esku dago eta Bilboko Arte Ederren Museoko gordailuan 10 urte igaro ondoren Itsasmuseumera dator erakusketa iraunkorra aberasteko, bere balio artistikoagatik ez ezik, museoaren diskurtsoarekin duen koherentziagatik ere bai. Pintura hau Bilboko Kontsuletxearen faluaren erreplikaren ondoan egongo da –1511n eratuta zen instituzio hori, eta Bilboko agintariek bertako ontzia erabiltzen zuten itsasadarrean paseatzeko–, baita Esther Pizarro eskultorearen Argizko larruazala instalazio artistikoaren ondoan ere –instalazio hori azken urteetako gertakari historikoei eta hiriaren eraldaketari buruzkoa da, eta Shanghaiko Erakusketan egon zen halaber–.

 

Bizkaiko itsas kultura hedatzea da Itsasmuseumen zeregina, eta, ildo horretan, Bilboko Itsasadarretik Bizkaiko Golkoraino doan itsas unibertsoa ezagutzeko xedea du. Testuinguru horretan, erakusketa-eremu batean baino gehiagotan aipatzen da Bilboko itsasadarraren garrantzi historiko, sozial eta ekonomikoa, bai Bizkaiko kostaldearekin lotzen gaituen elementu gisa bai Bilboren jaiotzaren lekuko gisa; hasieran portua zena Hiribildu bihurtu zen gero, eta itsasadarrean nabigatu ahal izatea erabakigarria izan zen merkataritza sustatzeko eta itsasoaren bidez mundura irekitzeko. Horrek aurrerapena eta garapena ekarri zituen, lurraldean ordura arte ezagutu gabeko neurrian. Etapa hura 1980ko hamarkadan amaitu zen, aurrekaririk gabeko krisi industriala iritsi zenean, eta atea zabaldu zion hiriaren kontzeptu berri eta abangoardistago bati, zeinak zerbitzuetan, kulturan eta ezagutzan oinarritutako ekonomia zuen. Hori guztia maisutasun handiz interpretatu du Lazkanok, gaur Itsasmuseumen jendaurrean aurkeztu den obran.