Erakusketa Iraunkorra
Industria Portua

Gune honetan, industria-esparru moderno gisa ageri da Itsasadarra, itsasadarrak berak eskaintzen zituen aukerei eta inguruko meatzeetan XIX. mendearen azken herenean bideratutako ustiapenari esker.
Antzinatik ustiatu ziren burdin meategi ugari haiek. Alabaina, XIX. mendearen bigarren erdian izan zuen mea industriak oparoaldia, Ingalaterran Bessemer bihurgailua asmatu zutenean. Izan ere, teknika hari esker, aukera zegoen kalitate hobeko altzairua ekoizteko, eta merkeago, baina fosfororik gabeko mineralak behar ziren horretarako, eta ugari zen lehengai hori Bizkaian, bereziki Triano-Somorrostro meatze barrutian.
Hala, Bilboko portua itsasontzi handiak sartzeko eta zamatzeko moduan egokitu zuten, mea garraiatzeko beharrezko azpiegiturak eraiki zituzten, eta Europarako mineral esportazio masiboa hasi zen halaxe. Euskal ontziolak, oro har, eta Bilbokoak, bereziki, Espainiako merkataritza ontzidiaren aitzindari bihurtu ziren, ontziolen kopuruagatik nahiz itsasontzi kopuruagatik eta haien erregistro gordinagatik. Hala, orotariko itsasontziak, lehengai eta manufakturez zamaturiko ontzi handiak, fabrikak eta tximiniak nagusituz joan ziren Itsasadarreko paisaia berrian.
Bere historiari buruz gehiago jakin nahi duzu? Bisita gaitzazu!