Surf Like You Are, Live Like You Surf
Surf Like You are, Live Like You Surf aldi baterako erakusketan, Jorge López de Guereñu, diziplina anitzeko artista, diseinatzaile eta surflariaren bi grina handi lotzen ditu: artea eta surfa.
Proiektua duela bi urte baino gehiago hasi zen, eta hazten eta garatzen joan da erakusketa honetara iritsi arte. Erakusketan, denbora horretan egindako lanen aukeraketa bat eta haren sorkuntza berrienetako batzuk biltzen dira, besteak beste, taula margotuak, surflarien erretratuetan oinarritutako hiru pieza handi eta film labur bat.


Taulak eta film laburra
Erakusketan hiru tailerretan ekoiztutako eta margotutako hiru surf taula aurkezten dira. Tailer horiek industria honen historia irudikatzen dute, hasieratik gaur egunera arte, eta taulen fabrikazioa, Jorgek ustetan beste arte modu bat dena, arte modernoarekin lotzen ditu.
Sormen prozesua eta hiru taula horien elaborazioa Annika Von Schützek zuzendutako eta Sunny Bregerrek zuzendarikidetutako, El Alma, film laburrean islatzen da. Film honek Euskal Herriko eta, zehazki, Bizkaiko surfaren historiaren zati bat jorratzen du. Ikus-entzunezko pieza labur honek hiru obra horiek egin diren tailerretan eta Bizkaiko hainbat tokitan filmatutako irudiak eta elkarrizketak nahasten ditu. Proiekzioan, inplikatutako hiru shaper-ez gain, Jorge Imbert, Europako lehen surflari profesionala, eta Jorge López de Guereñu bera agertzen dira, taulekin Uribe Kostako hainbat tokitan surfean.
Eskulturak eta erretratuak
Lehen aldiz, bi surf markako paperezko poltsez eta bi surflariren gainean osatutako bi eskultura-pieza daude ikusgai.
Erakusketa jatorrizko proiektuaren paperezko poltsek osatzen dute, surfaren munduko marka nabarmenetako batzuen arrastoarekin eta horiekin harreman berezia duten edo izan duten surflarien aurpegiekin, eskuz eginak, tintaz eta tenperaz.


Jorge López de Guereñuk azaltzen duen bezala, Euskadiko surfaren industrian nolabait leku nabarmena betetzen duten surflarien eta bertako jendearen erretratuak dira: “aukeratu nituen pertsonak ez daude hor beren ospeagatik edo lehiakide ezagunak izateagatik, nahiz eta batzuk diren edo izan diren. Hor daude gizarte-proiektuetan edo ingurumena babesteko proiektuetan parte hartzeagatik, edo, besterik gabe, gainditzearen adibide izateagatik, beren nortasunagatik, kirolarekin eta naturarekin erlazionatzeko duten moduagatik, edota interesatzen zaizkidan balioak transmititzeko duten trebeziagatik. Beraz surfaren munduaz dudan ikuspegi berezia da, protagonistek, industriak eta merkatuak ingurumenarekin, kirolarekin eta haren funtsezko balioekin duten harremanaz”.
Erakusketa Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festivalaren programaren barruan dago, otsailaren 24tik 26ra ospatzen dena museoan.