Selma Huxley: euskaldunen aztarnen bila Terra Novan. XVI.mendea.
Selma Huxley: euskaldunen aztarnen bila Terra Novan. XVI.mendea-k Selma Huxleyren (Londres, 1927ko martxoaren 8a – Chichester, 2020ko maiatzaren 3a), zientzialarien artean aitzindaria eta nazioarteko historialaria izandako emakume aparta honen bizitza ezagutzeko ibilbidea proposatzen du. Haren lana oso garrantzitsua izan zen Euskadiko eta Kanadako itsas historiarako; euskaldunek XVI. eta XVII. mendean Terra Novan, egungo atlantiar kostaldean Kanadan, egindako euskal espedizioak aztertu zituen, oso datu gutxi baitzeuden garai historiko horri buruz. Erakusketak Laboral Kutxaren eta Ternuaren babesa du.
Michael Barkham Geografian doktorea Cambridge-ko Unibertsitatean eta Selma Huxley-ren semea izan da erakusketaren komisarioa. Michaelek oso hurbiletik ezagutzen du Euskal Herriko XVI. eta XVII. mendeetako itsas historia, doktore-tesia egin baitzuen gai horren inguruan; gainera, aditua da Terra Nova-ko euskal baleontzi eta bakailao-ontzietan.
Lau multzo tematikoz osatua, Terra Novako euskal balea-industria emakume bikain honen bidez ezagutzeko aukera ematen du erakusketak.


Lehenengo multzoa, Selma Huxley eta euskaldunak Kanadan deritzona, haren familian, gaztaroan eta haren bizitza markatu zuten eta harengan Kanadako euskaldunen historiarenganako interesa piztu zuten gertaeretan oinarritzen da. Bigarrenak, Artxiboetan barna deritzonak, Huxleyren ikerketa-lan zorrotza eta lanean erakutsi zuen iraunkortasuna azaltzen ditu. Zeregin hori funtsezkoa izan zen; izan ere, penintsula osoko 40 artxibategi inguru aztertu ondoren, Euskadiren eta Kanadaren arteko merkataritza-loturei buruzko oso dokumentazio garrantzitsua aurkitu zuen Burgosko Artxiboan. Informazio hori aurkikuntza garrantzitsua izan zen balea-industriari buruz egin zituen ikerketetarako, eta, ondoren, beste esparru batzuetan aurrera egin ahal izateko, hala nola arlo historikoan eta arkeologikoan.
Hirugarren multzoa, Berreraikuntza historikoa deritzona, haren ikerketaren emaitza da, euskaldunek Terra Novan izan zuten presentziari buruzko kapitulu historikoa. Azkenik, laugarren multzoak, Aurkikuntza arkeologikoak izenekoak, ondorengo espedizioetan, berak gidatutako edo sustatutako espedizioetan, egindako aurkikuntzak aurkezten dira: XVI. mendeko euskal balea-baseen aztarna arkeologikoak eta han hondoratutako euskal galeoiak, San Juan (1565) balizkoa barne, Red Bayn, Labradorren.


Hainbat panelek osatzen dute multzo bakoitza, eta Selmak aurkitutako dokumentu historikoen irudiak eta erreprodukzioak biltzen dituzte. Gainera, beste museo eta erakunde batzuek, hala nola Euskal Museoak, Arkeologi Museoak, Arrantzaleen Museoak, Plasentia Butroi Museoak, Donostiako Aquariumak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek lagatako zenbait pieza nahiz familia-artxiboko zenbait objektu eta irudi ere jasotzen ditu erakusketak, aurretik inoiz erakutsi gabeak. Horrez gain, Selmaren ahotsa entzuteko eta haren lan egiteko moduari buruz hitz egiten entzuteko aukera ematen digute ikus-entzunezko pieza batzuek.
Huxleyren lanak nazioarteko aitortza jaso du. Horrela, 1981ean, Kanadako Ordenaren izendapena jaso zuen, herrialde horrek ematen duen sari zibil gorena; 2014an, Eusko Jaurlaritzak Lagun Onari saria eman zion, Euskal Herriko itsas historiari egindako ekarpenagatik, eta Espainiako Elkarte Geografikoak Nazioarteko Saria eman zion 2018an.
Gainera, 1992tik, Bilboko Kontsula da Selma Huxley, eta Itsasmuseum Bilbaorekin harreman estua izan du hasieratik.
2020ko maiatzaren 3an hil zen, Euskadiko eta Kanadako itsas historia aldatu zuen ondare profesional itzela utzita, bai eta bizitza pertsonal zirraragarria ere. Selma Huxley: Euskaldunen aztarnen bila Terra Novan. XVI. mendea erakusketan, ikusgai dago hori guztia. Erakusketa 2024ko apirilaren 7ra arte bisitatu ahal izango da Itsasmuseumen.

Sarrerak
Taldean, familian, modu indibidualean... Lortu zure sarrera esperientzia zoragarri batean urperatzeko!