Itsasoari So, kadmio gorria ez da etorri
Itsasoari So, kadmio gorria ez da etorri itsasoa ardatza duen Lorea Oar-Artetaren aldi baterako erakusketa da.
Erakusketa kolore urdinak eta materiak oso garrantzitsuak diren obrez osatuta dago. Obra guztiek ura eta ozeanoa dituzte ardatz nagusi, Lorea Oar-Artetak azaltzen duen bezala: “Itsasgizon familia batetik nator, niri itsasoa sentitzea, begiratzea, entzutea, usaintzea gustatzen zait, barruan eta kanpoan, hurbiletik, urrunetik, nire mahaira eskuzabaltasunez ekartzen duena gustatzen zait. Sentiarazten didana kontatzen eta eragiten dizkidan sentsazioak eta emozioak partekatzen saiatzen naiz. Ezin dut ahaztu haren hondamenak sortzen didan ondoeza, haren urek gure kostaldera etengabe eramaten duten tragedia. […]


Obra sabaitik esekitako mota ezberdinetako paper margotuen instalazio handi gisa aurkezten da. Loreak argitzen duenez: “Itsasoaren aurrean jartzen bagara, berehala ikusiko dugu mugitzen eta entzuten dela. Ozeano txiki bat irudikatzen saiatzen naiz, ikuslea bertan sartzera gonbidatzen duen instalazio batekin, emeki-emeki, errespetuz, adeitasunez, arretaz, bere erritmoan mugitzera eta soinua ateratzera. Parte hartzera animatzen duena”, argitzen du Loreak.
Bestalde, hormatik zintzilikatutako oihaleko eta paperezko obrari dagokionez, Loreak azaltzen du: “Bi kolore baino ez ditut erabili itsasoaz hitz egiteko. Horregatik erakusketaren izenburuak «kadmio gorria ez dela etorri» aipatzen du.”
Artistak mugimenduan dagoen irudiarekin ere lan egiten du, eta Luisa Montesekin elkarlanean sortutako ikus-entzunezko pieza bat dakar erakusketara, itsasadarrean begirada jarri eta Bilboko soinuei hitz egiten uzten diena. Era berean, estudioan garatutako lan-prozesua ezagutzeko aukera ematen duten ikus-entzunezko beste pieza labur bat eta Montesen zenbait argazki daude ikusgai.


Azkenik, Pieza papererako Le Larraskito Kluba 2016 eta Espora 18.11.2022 lanetan, Loreak jatorri desberdineko soinuak antolatzen ditu, batzuk musikarekin sensu estricton lotuta; beste batzuetan, aldiz, soinu gordinekiko interes berezia agertzen da, pentsatu eta ordenatu besterik egin gabe. Eguneroko soinuak dira, eta askotan ez zaie jaramonik egiten, baina hor daude eta haiekin bizi gara.
Erakusketa 2023ko martxoaren 7tik maiatzaren 1era egongo da zabalik.